XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goizeko seietan iratzargailu ankerraren zarata kupidagabeak iratzarri ditu Anton eta Karmen, beren logoxotik erauziz.

Gaumahaiko argia piztu gabe goizeko lehen argizpiak begiei Drakulari argia bera edo kristau-gurutzeak bezain gorrotagarri zaizkie eta, haztaka-maztaka, Anton jaiki egiten da eta badaezpada tentazioari ez makurtzeko kaobazko armairu gain-gainean ezarrita duten tramankulua ixilerazten du.

Orain hazta-maztaka ere abarketa bila ari da, hor aurkitu du bat, han bestea, txabusina luzea jantzi du eta bainugelara abiatu da automata legez.

Hotza dago bainugela gaur ere huts egin digu programagailuak, kaka zaharra eta berria!, lehen ukitu bat demaie betazalei ur beroskaz leun-leunkiro igurtziz eta dutxara doa.

Emaro xaboiztatzen du soin guztia belaki natural bigunaz eta ezarian-ezarian itzartuz doa.

Neure bizitzako unerik zailenak hauetxek dira, goizean jaiki beharra dagoenekoak, biziki kostatzen zait jaikitzea, baina gero dutxa hartu eta berehala konpontzen da dena.

Baina beharbada gizakia da nahi beste lo egin ezin dezakeen animalia bakarra.

Hau miseria, honetarako arima eta oldozmena!.

Bainuoihalaz azala ongi lehortu ondoren, abarketak jartzen ditu, lehenago bat eta gero bestea.

Orain konturatzen da bat txikiagoa eta arrosa antzekoa dela, Karmenena.

Ondoren bizarra moztuko du, moztailu bazkulagarri berriaz, egunero-egunero bezalaxe zauritxoren bat eginez (...).